berria.info

 

Asteartea, 2015eko uztailak 7a.

 

Kataluniatik Euskal Herrira bizikletan, aldarrikapen giroan.

 

Arritxu Iribar, Oinatz Mitxelena, Lierni Lekuona, Iban Gartzia, Jon Bikendi eta Naia Alzola, atzo, egitasmoaren aurkezpenean.

 

Arritxu Iribar, Oinatz Mitxelena, Lierni Lekuona, Iban Gartzia, Jon Bikendi eta Naia Alzola, atzo, egitasmoaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.

 

Unai Zubeldia. Donostia.

 

Tourrarekin eta Giroarekin bat eginda, Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat kirolarik autodeterminazioaren, independentziaren eta bi herrialde horietako selekzioen aldeko aldarrikapena egingo dute uztailaren 11tik 14ra. Bizikleta gainean egin ere. Portboutik abiatu eta Hendaiara iritsi artean, 942 kilometro egingo dituzte lau egunean, eta 26.800 metroko desnibela pilatuko dute. Jon Bikendik eta Iban Gartziak osorik egingo dute ibilbidea, eta beste bost txirrindulari izango dituzte ondoan: Oinatz Mitxelena, Iban Ruiperez, Eduard Sadurni, Eugeni Serret eta Josep Negre. «Hori bai, guztiz irekia da egitasmoa, eta hala nahi duten guztiek gurekin bat egiteko aukera izango dute ibilbidean zehar».

Iaz, Gure Esku Dago dinamikak antolatutako giza katearekin bat eginda, Euskal Herriko zazpi hiriburuak elkartu zituzten Bikendik eta Gartziak. «Eta Kataluniako egoera politikoa aztertuta eta independentziaren alde sortutako mugimenduarekin, bi herriak batu eta, aldarrikapen giroan, erronka hau egiteko momentu ona zela pentsatu genuen». Hala azaldu zuen atzo Gartziak berak. Kirol erronkak 30 bat elkarteren babesa jaso du, eta tartean dira, besteak beste, Kataluniako eta Euskadiko Txirrindularitza Federazioak.

Uztailaren 13rako deia.

Datorren larunbatean abiatuko dira, 10:00etan. «Eta orduko 15 kilometroko abiaduran ibiliko gara. Hau ez da txapelketa bat, eta helburua ez da marka egitea». Pailheres, Agnes, Portet de Aspet, Bales, Peyresourde, Azet-Vallouron, Hourquette d'Anzizan, Tourmalet, Aubisque, Marie Blanque, San Martin harria... Pirinioetan barrena, mendate erraldoi asko igaro beharko dituzte 942 kilometroko tartean. «Geratu gabe ahalik eta kilometro gehien egiten saiatuko dira; 500-600 ahal dela. Eta bizpahiru orduko atsedenaldiak egingo ditugu».

Uztailaren 14an Euskal Herrira iritsiko da Tourra, eta bezperan aldarrikapen txiki bat egingo dute San Martin harrian, 18:00ak aldera. «Tourra ikustera joango diren zaleei dei egiten diegu egun horretan gurekin bat egin dezaten». Ibilbidearen amaieran, Hendaian, beste ekitaldi bat egingo dute.

 

http://www.berria.eus/paperekoa/4145/020/001/2015-07-07/kataluniatik_euskal_herrira_bizikletan_aldarrikapen_giroan.htm